Gaurkotasunezko beste galdera interesgarri bat egin du Garaik: “Herritarrei bide guztiak ixten zaizkienean, ze egin dezakete?”
Mondraberri.com
Politikagintzaz, sindikalgintzaz eta memoria historikoaz mintzatu gara Garaikin. Eskarmentu handiko militante ezkertiarra.
- Gasteizko Gobernua ETAren biktimetaz hitz egiten du, baina frankismoaren biktimetaz hitzik ez...
- Egia esateko berba egiten dute, adibidez iaz, azaroan, Eusko Legebiltzarrak frankismoaren biktimei buruzko Egiaren Batzorde bana sortzeko proposatu zien Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. Ia urtebete igaro da eta agerian dago Egiaren Batzordea sortzea, Gasteizko Gobernuaren prioritateen artean ez dagoela. Memoria historikoen legeaz ere hitz asko egin zen... Genozidio frankistaren biktimak bigarren mailako biktima gara. Biktima guztiak berdin-berdin tratatu behar izanaren printzipioa aplikatu gabe, borondate politiko eza adierazten ari dira. Baina hau kontu oso zaharra da. Franko ohean hil zenekoa.
- Frankismoaren biktima askorekin egin duzu berba. Ze ondorio nagusi ateratzen duzu?
- Genozidio frankistaren biktima asko elkarrizketatu ditut, ehunetik gora izango dira. Bat edo bi kenduta beste denak gogo handiz kontatu dizkidate eurek edo senideek pasatutakoak. Errepresio bortitzena fusilamendua edo desagerpena izan ziren arren, ez ziren egon exekuzio pelotoiak bakarrik, bizirik zeudenek ere errepresio handia jasan zuten, Diktaduraren 40 urteetan bizi izan ziren gerra irabazle eta salatarien ondoan, beti isilean berba eginda, eta gero (Franko hil ostean) berriz ere isilik egoteko esan zieten, oraingoan haien senideek militatutako alderdien aldetik, hori izan zen askorentzat sekulako belarrondokoa.
- Nobenaixuan, mikrofonoa eskuetan zenuela eta Polizia autonomikoa gainean, nabarmendu zenuen 30. hamarkadako eta gaur egungo borroken arteko berdintasuna…
- Aurtengo Nobenaixua irailaren 25ean egin zen, egun horretan udaletxeko plazan bizitzen ari ginena, beltzez jantzitako poliziak inguraturik, gogora ekarri zidan 73 urte lehenago, egun berdinean miliziano eta gudariek Kurtzetxikiko lubakietan, frankistei aurre egiten zietela, hurrengo egunean, irailaren 26an Askatasunaren alde borrokatzen zutenak, mondragotar asko, herria uztera behartuta egon zirela. Plazan ikusitakoaz miliziano eta gudari haiek borrokatu zuten askatasuna berriz ere kolokan ikusten nuela esan nuen. Hori esanda gero polizi batek iturrira igota bideoan grabatzen hasi zen...
Arrasaten bigarren errepublikan ehunka preso egon ziren, eta orduan ere bere senide eta lagunek, bere aldeko ekintzak egiten zituzten, orduko preso gehienak gazte sozialistakoak ziren, eta oraingoan gobernu sozialista presoekiko elkartasuna erreprimitzailea.
- Botereak baliatzen ari dira denboraren poderioaz? Hau da, gura dute denbora pasatzen uztea, horrela memoria historikoa gal dadin?
- 40 urte diktadurapean eta beste 33 urte demokrazian Egiarik gabe, Justiziarik gabe urte gehiegi dira, Genozidio Frankistaren biktima askorentzat denbora luzeegia izan da, errepresioa sufritu zuten pertsonak, gero eta gutxiago gelditzen dira, baina baita esan behar da, memoria historikoa berreskuratzeko lan taldeak gero eta gehiago garela. Gure amandre, aita eta ama ez dira gurekin egongo, baina euren memoria gurekin gelditu da, hortaz alperrik ari dira.
- Zure ustez belaunaldi gazteak ohartzen ari dira frankismoak egindakoaz?
- Orokorrean ezetz esango nuke, eta jarrera honen azalpena oso sinplea da: ez dute ikasi, ez dute entzun…, benetan zer gertatu zen, urrun sentitzen dute, iragana eta oraina askotan lotuta daudenik ez dute ikusten. Hala ere, bai dago denetatik, batzuk konpromiso handia dute. Guri dagokigu belaunaldi gazteei lekukoa pasatzea, herriz herri gertatutakoa berreskuratzea, eskolako “curriculuma” behar den moduan aldarrikatzea, interpretazio museoak martxan ipintzea.
Helburu orokor horrekin, talde bana sortzen ari gara Oñatin eta Soraluzen. Bergarakoa urte amaierarako martxan izatea espero dugu. Aretxabaletan gerrari buruzko liburua argitaratzeke dago.
- Dokumentazio-lan itzela egin duzu. Ze izan da aurkitu duzun gauzarik inportanteena edota deigarriena?
- Deigarrienak: Bizilagunen salaketak:
* Mondragotarren salaketa faltsuak, sinadura eta guzti, mondragotarrak erahiltzeko.
* Debagoieneko abade batzuen jarrera, bere txostenaren arabera fusilatu edo libre uzten zituzten, eta denetik aurkitu ditut.
* Orain arte ere, kasu asko ez ditut aurkitu, hainbat dokumentu ez dira agertu (nahiz eta atzetik ibili), adibidez Debagoieneko hainbat herritan, 1936ko urrian eta azaroan erail eta desagerrarazi zituztenenak, euren artean nire aitajauna.
- Ikusiko al dugu noizbait Fraga epaitua?
- Genozidio bera eta genozidio hau posible egin zuten pertsonak epaitzea bi gauza ezberdin dira. Genozidio frankista epaitua izatea posible ikusten dut, baina Fraga bezalako genozidak “banquillo” baten ikustea zaila izango da, ordurako gehienak hilda egongo direlako.
- Ze sentitzen duzue senideek frankismoaren biktimen omenaldietan?
- Atzera begiratzen dugu, gure senideek pasatutako errepresioarekin gogoratzen gara, gehienak joan dira inongo omenaldirik ezagutu gabe eta gehienetan negar egiten dugu. Baina ez da triste gaudelako, barrenean oso poz handia sentitzen dugulako.
Omenaldietan nagusiek beti egiten digute galdera hau: Noiz arte? Tristea da erantzunik ez edukitzea, baina garbi duguna da bide honetatik jarraitu behar dugula.
- Ze behar da arazo hau konpontzeko?
- Jendartearen konpromisoarekin eta mobilizazioarekin lortuko dugu egia ezagutzea, eta justizia egiten hastea. Instituzioek borondate politikoa izango dute gure presioa sentitzen dutenean.
- Urte luzez sindikalista bezala egin duzu lan. Lan-munduan ere Justizia eta Egia behar dira?
- Langileen eskubideak legeztatu aurretik, orain direla 40 urte, sindikalismo klandestinoan hasi nintzenean, ez geneukan inongo eskubiderik, baina borrokaren bitartez, Sindikatuak legeztatzea, biltzeko eta adierazteko eskubideak, justizia egitea lortu genuen.
Gaur, nahiz eta eskubide horiek jarraitu, beste egia batzuk daude: Paroa eta langileen prekarietate oso handiak, lan istripuz langileen heriotzak, emakumeen lan-baldintzen desberdintasunak… eta egoera horiekin bukatzeko, gaur ere, justizia soziala eta berdintasuna behar dira.
- Ekonomia demokratizatu behar dela entzuten da. Ekonomia diktadoreen menpe al dago?
- Irabazien, diru etekinen menpe dagoela esango nuke. Aberatsak aberatsago, eta pobreak pobreago. Bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat behar dugu. Bide horretan, badaude neurriak Gobernuak hartu beharrekoak, adibidez, Banketxeen Nazionalizatzea; Gerra gastuak gutxitzea, Errepresiorako gastuak barne; Neurri fiskalak gehien dituztenek ordaintzeko, eta ez orain gertatzen ari dena, oso bestelakoa.
Debagoienera etorrita, Kooperatibismoarekin Ekonomia demokratizatuta dagoela ematen du. Baina ebentualak denak kalera, greba orokorrean beste aldera begiratzea edo lanorduak handitzearekin, Elkartasunaren printzipio kooperatiboa non gelditzen ari da?
Ildo horretan, kooperatiban elkartasuna bakarrik dago barrura begira. Eroskin lanorduak murriztu ordez, gehitzen ari dira. Ekonomian gizakia izan behar da erreferentea, ez enpresa, bestela kapitalismoan erortzen gara.
Poztu egin ninduen Gose taldearen disko berriaren lehen abestia. Bertan salatzen da MCC-k Espainiako erregea Arrasatera gonbidatu izana. Ez dezagun ahaztu Franco izan zela errege hori tronuan jarri zuena. Ekonomian denak balio al du? Ezin da horrela izan, kooperatibismoaren printzipioei eutsi nahi bazaie.
- Krisialdi ekonomikoetan, badirudi langileek muturreko bi jarrera hartzen dituztela, oro har. Lana daukatenak ez dira hain exijenteak euren eskubideak aldarrikatzerakoan. Ordea, euren lanpostua arriskuan ikusten dutenak kalera ere irteten dira protestan.
- Horrela da, egoera honi irtenbide bat emateko, denak batera erantzuteko, Greba Orokorra maiatzean egin genuen; baina izango al du segidarik? Oraingoz erdizka. Gehiengo sindikalak ezinbesteko hamar neurri jarri ditu mahai gainean, eta haien aldeko mobilizazioak hasi ditu. Ondo. Baina ez da nahikoa. Gogorrago eta batuago jo beharra dugu.
- Nora eramango gaitu krisialdi honek?
- Carlos Marxek ere oraingoan arrazoia. Krisi garaian, neurri sozialak behera egin ahala, tresneria errepresiboak gora egiten du beti. Langile gutxiago baina polizia gehiago, hain zuzen.
Ez dut sinesten krisiaren zulotik irteten gaudela. Krisia uste dut ez dela epe motzerako, baina krisiarekiko kezka eta kontzientzia kritikoa ez dela automatikoki kapitalismoaren aurkako indar bihurtzen, baldin eta borroka soziala, politikoa eta ideologikoa modu iraunkorrean eta trinkoan ez badira uztartzen.
- Zutik-ek parte hartuko luke balizko polo soberanista eta ezkertiar batean?
- Orain 10 urte Arrasateko Zutiken aldetik Euskal Herritarroken bultzatzaileak izan ginen, zinegotzia neu izan nintzen.
Ordutik gauzak asko aldatu dira, erakunde armatuak bi tregua egin ditu, ezertarako ere ez dutenak balio, eta inora ez doan bere armen bidetik jarraitzen du.
Soberanista eta ezkertiarrak diren batzuen eguneroko jarrerarekin ere ez gaude ados, Iturbide egoitzaren inguruan gertatutakoa adibide bat da. Emakumeek diskriminatuta jarraitzen dute.
Zutik barnean, egoera aldatu da, korronte desberdinak sortu dira, neu Gorripidea Ildokoa naiz...
Hortaz, zaila ikusten dut, Zutik erakunde bezala horrelako polo batean parte hartzea.
- Nola baloratzen du Zutik alderdi ezkertiarrak PSOE-ren gestioa Gasteizko Gobernuan?
- Kasu honetan nire balorazioa Zutikeko Gorripidea ildoaren aldetik da.
Aldaketaren gobernua bakarrik txarrerako izaten ari da: guztiz salagarria iruditzen zaigu Ares, Barne sailburuak ezker abertzaleari buruz esandakoa, hau da, ETAk berean jarraitzen duen bitartean, biolentzia kondenatzea ez dela nahikoa izango legearen barruan aritzeko.
Presoen argazkiak debekatzearekin hasi dira baina irailaren 25ean Arrasateko plazan ikusitakoaz, Presoen giza eskubideak defendatzea presoen ideiak edo ekintzak defendatzea dela diote, eta ez da horrela.
Bide poliziala bakarrik hartzea, azkenengo atxiloketak adierazten duten bezala, eta Euskal Herriko erakundeak politikaz kanpo uztea, bidegabekeria dela iruditzen zaigu, PSOE Ajuria Enean jarraitu ahal izateko PPren laguntzaz.
Bestetik krisi ekonomikoaren aurrean ez dugu ikusten inongo aldaketarik. Erraztasun guztiak langileak kanporatzeko, soldatak izozteko eta, diru gutxiago dagoenez (gutxi ala gaizki banatua?), ezin denetara heldu eta osasun arloan, hezkuntzan, gizarte-ekintzan, kulturan... egin beharko omen dira murrizketak. Ez ordea, ekologikoki kaltegarri, sozialki onartezin eta ekonomikoki izugarrizko xahuketa diren makro proiektuetan, hau da, AHTan, Pasaiako kanpo portuan eta antzekoetan.
- Ze balorazio egiten duzu Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta ezker abertzaleko beste liderren atxiloketen inguruan?
- PSOE-k gura du agintean jarraitzea, eta horretarako gizarteko sektore garrantzitsu bat kartzelaratzen ari da. “Xenpelar” bertsolariak esan zuen moduan: “Gerra nahi duenari, berari tiro egin, bala bat sartu buruan, aspertuko da orduan”.
Horrekin ez dut esan nahi inori tiro egin behar zaionik. Badirudi batzuk gerrarekin pozik daudela. Nobenaixuan Ertzaintza kargatzeko irrikitan zegoen, Ertzaintzaren nagusiek hori onartuko luketelako.
Ildo horretan, zergatik ari dira orain faxistak eszenatoki publikoan gero eta gehiago agertzen? Inork ez duelako euren aurka egiten. Estatu espainiarrean 16 talde faxista daude. Zergatik ez zaie aplikatzen Alderdien Legea?
Horrek gogora ekartzen dit Arrasateko Celestino Uriarte militante komunistaren torturatzailea: Jose Sainz Gonzalez. Polizia-buru izan zen Euskal Herrian 1968tik 1971ra, eta gero Madrilgo Polizia Nagusiko buru.
Sanz hau Bilbon aritu zen, Melitón Manzanas Irunen ari zen bitartean. Sanz-ek erretiroa hartu zuen eta Reinosara [Kantabria] joan zen bizitzera. Kantzerrak jota zegoela, PCE-ko ordezkari batekin hartu-emanak izan zituen, eta ondorengoa onartu zion: “ETA ez dugu sekula gaindituko, baldin eta neurri politikoak hartzen ez badira”. PSOE-k ere hori jakin badaki… beraz, zergatik jarraitzen du errepresioarekin?
Erantzuna argia da: Gobernuan jarraitu nahi duelako, Herriaren borondatea errespetatu barik. Herritarrei bide guztiak ixten zaizkienean, ze egin dezakete? Baina bide horrekin, Euskal Herriak irtenbidea dauka? Nire ustez, ez.
